Testua eta argazkiak: Salvador Velilla

Pagadi, harizti eta galsoroen artean astebete eman ondoren, Ignazio Loiolakoa jaio zen dorretxetik abiatu ostean, iluntzean, Nafarroako herri txiki batera iristen da bidea. Ignazioren garaian, Marañon zeritzon herri hari, Marañongo gaztelua zegoen mendiaren behealdean baitzegoen. Ibilbide garrantzitsua eta bidegurutzea izan zela aldarrikatzen du eraikin batek. Izan ere, erromesen ospitale zahar bat izan zen, eta, han, santiagotar ikur batzuk ikus daitezke: kuia, pordoia eta makila. Goizaldean jaikitzen garenean, bista urrun galtzen da, Demandako mendilerroan eta Soriako mendietan. Hurbilago, gure oinetan, labore-soroak ditugu. Ibarretan eta haranetan, mahasti txikiak daude, menditik behera jaisten. Errioxako lur emankorretan gaude. Meano (Aldea ere esaten zaio) Nafarroan zeharkatuko dugun azken herria da. Orduan, lehen mahastien ondoan ibili eta gero, Kripanera iritsiko gara, Arabako Errioxan ikusiko dugun lehen herrira. Hogei kilometro baino zertxobait gehiago egingo ditugu Arabako Errioxako lurrak eta herriak zeharkatuz, Kripan, Bilar, Laguardia eta Lapuebla de Labarca herrietako mahastien artean. Beheranzko bidea da; izan ere, 700 metroko altueran geunden eta Ebroren ertzera iristen gara, Lapueblan, 429 metroko altuerara, alegia

Kripan harlanduzko etxeen multzo txiki bat da, mendi-hegal batean ia 700 metroko altueran dagoena. Etxeek babestuta, San Joan parrokia-eliza dago. Hartan, lehen Barrokoko erretaula soil bat nabarmentzen da. Antzinako eliza, Andre Mariari eta San Joani eskainia, erromanikoa zen, XII. mendearen amaierakoa. Hartatik, arku bat eta haren kapitel higatuak baino ez dira kontserbatu, eta, duela gutxi, gaur egungo tenpluaren ondoan jarri dute. Elizatik ez oso urrun, San Martin ermita dago. Han, seguru asko, biztanleen eskaintzak jasotzen zituen ospitale zahar bat zegoen.

Gizakiak lur hori aspaldi hartu zuela adierazten dute zenbait elementuk: Los Llanoseko trikuharriak, Kripan eta Bilar arteko iparraldearen iparraldean dagoenak, Peña Largako kobazuloak eta Casalesen barrutian dauden hilobi antropoide batzuek.

Maiatzaren erdialdean, aspaldi-aspalditik, Kripango herritarrak erromerian joaten dira Kantabriako mendilerrora. Han, San Tirtso gurtzen dute, harrian zulatutako ermita batean.

Hego-mendebaldetik irtengo gara herritik. Bide zabalak behera egiten du alde banatan mahastiak dituela. Handik gutxira, Pilas errekara iritsiko gara. Orain, gora egiten du bideak, eta ustekabe atsegin bat emango digu: hargin maisuek maisukiro trazatutako galtzada baten gainean gaudela ikusiko dugu. Duela gutxira arte, erromatarren garaikoa zela esan da. Seguru antzean, XVIII. mendearen amaierakoa da, orduan hasi baitziren bide zabalak egiten, Errioxako ardo gozoz betetako zahagiak zeramatzaten gurdiak iparraldeko herri eta portuetara iristeko behar bezain zabalak, alegia.

Bideak mendebalderantz jarraitzen du, baina, goialdean iritsita denborarik badaukagu, hegoalderantz desbidera gaitezke El Encinaleko trikuharria ikusteko, Agate Deunaren ermita egon zen lekutik ez oso urrun. 1943an aurkitu zuten trikuharria, eta, haren barruan, gizakien hondakinak eta zeramika apainduen zatiak. Mendebalderantz, Bilarko eliza ikus dezakegu etxeen gainetik. Laster iritsiko gara hartaraino, mahastien artean dabilen bide zabal batean zehar, Kripandik datorren errepidea zeharkatu ostean.

Iparraldean, Kantabriako mendilerroa daukagu, handientsua, igotzeko eta bere gailurretatik ibiltzeko gonbita egiten. Goi-goian, gailurrik garaienean, Toroko gaztelua zegoen Erdi Aroan, Nafarroako erresumak musulmanen inbasioei aurre egiteko bastioietako bat. Erdi Aroan, Bilar inguruko lurretan, gaur egun laborez eta mahastiz beteta dauden horietan, hainbat herrixka zeuden. Gehien iraun zutenak Riñana, Riñanilla, Biurco eta Quintanilla izan ziren. Seguru asko, Bilar herrixkak beste herrixka haietatik alde egindako biztanleak erakarri, eta handitu egin zen. Azkenean, nolabaiteko garrantzia hartu zuen; izan ere, tenplu bat –herriaren erdian dagoen eliza, Jasokundeko Andre Mariari eskainia– izateko bezain garrantzitsua izan zen. Sarrerako arkupearen gainean, hasieran gaztelu bat eta ondoren tenplu gotiko bat izan zenaren hondarrak daude. Egungo tenplua XVI. mendean egin zuten. Arabako Errioxako erretaularik onenetako bat du. Guiot Beaugrant artistaren lana da; hain zuzen, 1547tik 1549ra bitartean egin zuen lan erretaula horretan, eta Genevillako Araoz maisuak amaitu zuen. Dorrea liraina eta oso altua da, eta esaldi hau du grabatuta: “Año 1556, me fecit”.

Tenpluan, gainera, mihise handi batean, San Ignazio dago zenbait santu jesuita inguruan dituela, besteak beste, San Frantzisko Xabierkoa eta San Frantzisko Borjakoa. Dirudienez, Agustin Saez de Lacuesta aitak, “Bolognan bizi zen jesuita ohi” batek, 1786an ordenatik bota ondoren egindako dohaintza izan zen.

Elizatik kanpo, tenpluari atxikita, kleroaren hamarrenak eta hasikinak hartzeko erabiltzen zen upategia dago. Apur bat hegoalderago, pikota edo biribilkia dago, harrizko zutabe bat, Bilar herrixka izatetik hiribildu izatera igaro zela eta, hortik aurrera, bere lurralde-jurisdikzioa izateko eskubidea izango zuela adierazten duena. Eraikin zibilen artean, indianoaren etxea izenarekin ezagutzen den eraikina nabarmentzen da. Besteak beste, elementu hauek dira aipatzekoak: armarria eta balkoi korritu artistiko bat, bai eta, etxeko eskailera igotzen laguntzen duen eskudelaren hasieran, arrain/suge handi bat ere.

Herritik irteteko, hego-mendebaldera joko dugu. Aurrean, urrun, Kantabriako mendilerro ikusgarria izango dugu. Haren behealdean, Husosko kobazuloa dago. Haren barruan, La Uneba erreka sortzen da. Kobazuloan, Neolitoko hondar garrantzitsuak aurkitu dituzte. Handik hurbil, Chabola de la Hechicerako trikuharri handia dago, Arabako Errioxako ikusgarrienetako bat. 2014ko udan, haren tumulua zaharberritu zuten. Bidea mahastien artean igarotzen da, ibarrak saihesten ditu, eta, batzuetan, igoera aldapatsuak ditu. San Julian errekaren beste aldera iritsi ondoren, Laguardia ikusten dugu urrunean, muino baten gainean.

Laguardia, hiribildu gotortua, edozein lekutatik ikusten da, eta Laguardiatik, herriak, herrixkak eta mahasti zabalak ikusten dira lau aldeetatik. Laguardia ardotik eta ardoarengatik bizi izan da. Lur azpian, zenbait kilometroko tunelak egin zituzten, eta, haietan, gaur egunera arte gorde dute Arabako Errioxako ardo gozoa.

Laguardian, bi margolanek (bat eliza bakoitzean) San Ignazioren eragina ekartzen dute gogora. San Joan elizako koadroa Felix Maria S. Samaniego alegialariaren familiaren aldarearen errematean dago. Koadro horretan, San Frantzisko Xabierkoa dago. Andre Mariaren elizan, Karmengo Andre Mariaren aldarera hurbiltzen bagara, San Ignazioren irudi barroko bat ikusiko dugu, Jose Ortegak egina.

Mercadaleko atetik irtengo gara Laguardiatik, gotorlekuan, hegoaldera begira eta hegoaldera zuzenduz, Ebro ibaiaren bila. Hilerriaren aurretik pasatuko gara, eta, Eltziegora doan errepidea zeharkatu ostean, Palacios upategien izkinatik abiatzen den bide asfaltatu bat hartuko dugu. Bide laua mahastien artean igarotzen da, eta, han-hemenka, harri- eta karraska-multzoak daude. Mahastietan, lursail txikietan, almendrondo, pikondo eta olibondoak daude, eta, noizean-noizean, txabolaren bat ere ikusiko dugu. Lanabesak gordetzeko erabiltzen ziren, eta, haietatik, landako zaintzaileek lursaila zaintzen zuten, lapurretarik gerta ez zedin. Pisarnoko bidean gaude. Haren lehen aipamenak XIV. mendekoak dira. Bide hori La Horcako muinaren ondotik igarotzen da. Han, hain zuzen, Traizioaren bidexkarekin gurutzatzen da, ekialdetik mendebaldera Nafarroako lurretatik San Vicente de la Sonsierrara joaten zen bide zahar batekin. Gure ibilbideak hegoalderantz jarraitzen du. Handik gutxira, geltokiko txabolaren ondotik igaroko gara. Txabola handi bat da, baina, zoritxarrez, eraitsita dago. Gure ezkerraldean, harana –Valle edo Barranca deitzen diote– mahastiz josita dago.

Lapuebla de Labarca herrian sartuko gara, upategian auzotik, hain zuzen. Eraikin txikiak dira upategiak, eta, barruan, zulatuta dute zorua, ardo-upak sartzeko. Zoritxarrez, auzo hori husten ari da pixkanaka-pixkanaka. Alde batetik, mahatsa upategi handiei saltzen zaie, eta, beste batetik, kooperatiba dago; horren ondorioz, auzoko upategi txikiak funtziorik gabe geratzen ari dira. Elizak bi dorre desberdin ditu, eta sarrera-arku handi bat. Barruan, erretaula errenazentista bikaina, Barrokoaren lehen zantzuak agertzen dituena, elementurik deigarriena da. Horrez gain, Asako Andre Mariaren XIII. mendearen amaierako irudi bat eta oso aurpegiera errealistak dituen Kristo bat ere aipatzekoak dira.

Merezi du Kale Nagusian behera joatea, alde zaharretik, eta elizaren inguruan ferra-itxurako ibilbidea egiten duela egiaztatzea, garai bateko herriak nolakoak ziren ohartzeko. Mendebalderantz jotzen badugu, plaza batera helduko gara. Han, udaletxea dago, eta beste eraikin-mota batzuk hasten dira. Behatoki batetik, Ebro ibaia ikusteko aukera izango dugu. Ikuspegia ederra da: neguan, bi mila metrotik gorako San Lorentzo mendiaren gailurra elurrez betetzen denean, Ebro ibaia jauzika mendien artean nola galtzen den ikusten da. Gaur egun, aurrean dagoen guztia Errioxako Autonomia Erkidegoa da; lehen, Gaztela.

Izan ere, Lapuebla portu lehorra izan zen. Handik, mandazainak, askotariko salgaiak eta, iparraldeko larreen bila, Kamerosko artaldeak igarotzen ziren. Txalupa zeukan herriak. Haren irabaziak elizarentzat ziren igandeetan eta Andre Mariaren jaietan. Ondoren, herriko biztanleek ardoaren gaineko zergen bidez ordaindutako zubi eseki bat jarri zuten. Azkenik, 1924. urteaz geroztik, hormigoizko zubi bat dago, Bilbo eta Tutera arteko trenbideko geltokiarekin komunikatzeko. San Bernardino Sienakoak, ibaia zeharkatzeko, txalupa erabili zuela esaten dute, beste ertzera iritsitakoan bere makila lurrera bota zuela eta masustondo bat sortu zela. Elezahar bat izan daiteke, baina honako hau egia da: XVIII. mendearen amaieran, Lapueblako biztanleek Ebro ibaiaren beste ertzean zegoen masustondo batera lotzen zuten txalupa. Orobat, gerta daiteke handik Ignazio Loiolakoa Navarretera bidean igaro izana, eta, hala bada, txalupa igande batean edo Andre Mariari eskainitako egun batean erabili bazuen, gauza ziurra da haren txanponak elizarentzat izan zirela. Ebro ibaiaren erdialdera iritsita, Euskadi amaitu eta Gaztela hasten zen, eta Navarrete legoa batera baino apur bat gehiagora dago.