Foto: Josemi Rodriguez

Biotopo babestu hori Arabako Errioxako eskualdearen erdi-erdian dago, Laguardiatik hurbil; izan ere, herritik bertatik ikusten da.

Hezeguneak ekosistema pribilegiatuak dira, haietan bizi diren espezieen aberastasunari eta aniztasunari dagokienez. Eta, batez ere, ur gutxiko lekuetan daudenean, hezeguneek itzelezko balioa dute.

Laguardiako Aintziren Biotopo Babestuan, hiru hezegune txiki daude. Haietako bi, Carralogroñokoa eta Carravalsecakoa, aldi baterako aintzira endorreikoak dira, jatorri eta funtzionamendu naturalekoak. Bestea, Prao de la Paulekoa, aspaldi putzuz betetako leku batean gainean sortutako urmael txiki bat da.

Funtzionamendu hidrologikoa

Kubeta endorreikoak kanpoalderako drainatzerik ez duten guneak dira, normalean euri-uraz bestelako ekarpenik jasotzen ez dutenak.

Aintzira horietako ur-maila asko aldatzen da urtaroetan eta urteetan zehar; zenbait garaitan, nolabaiteko sakonera dute, eta, beste batzuetan, berriz, erabat lehor daude.

Udazken amaierako euriteek partzialki betetzen dituzte aintzirak; sakonerarik handiena udaberrian izaten dute. Ondoren, prezipitazioak urritu eta tenperaturak igotzen direnez, aintzirak lehortu eta gainazal zuri bihurtzen dira.

Kolore zurixka hori ura lurruntzean eta hartan disolbatutako gatzak hauspeatzen direnean sortzen da.

Udaren ondoren, udazkeneko euriteek berriro betetzen dituzte aintzirak; beste ziklo bat hasten da.

Carralogroñoko eta Carravalsecako aintzirak inguruko azken hezeguneak dira. Gainerako guztiak desagertu ziren, laborantzarako lehortu baitzituzten. Hain zuzen, hori gertatu zitzaion Muscoko hezeguneari, bi aintziren artean zegoenari.

Jarduera biologikoa

Hain urtarokotasun nabarmena duen ingurune batean, askotarikoak dira aurki daitezkeen bizi-formak. Gainera, ingurune bitxia bada, forma horiek oso bereziak izango dira.

Foto: Aitor Ayesa

Ur horretan, bitxikeria hutsa diren landareak bizi dira.

Aintziraren ertzetan, gazitasunera egokitutako belarkarak eta ihiak daude. lezkak azalera handiak hartzen ditu, bereziki, Carralogroñon; han, hegazti asko babesten dira.

Aintziretako flora bitxia bada, fauna are bitxiagoa da. Mediterraneoko itsasbazterreko ornogabe-espezieak daude.

Talderik ikusgarriena hegaztiena da. Aintzira naturalak leku pribilegiatuak dira zangaluzeentzat; migrazioetan, atseden-leku gisa erabiltzen dituzte.

Zenbaitetan, aintziren urtarokotasuna dela eta, hegazti urtarrek ezin dute kumerik hazi, ez baitaude urez beteta beharrezko garaian.

Prao de la Paulekoak, berriz, ura du urte osoan, eta, horregatik, basahateen, kopetazuri arrunten eta murgil handien zenbat pare kokatzen dira han.

Bisita baterako gida

Biotopo babestua urte osoan zahar bisitatu badaiteke ere, irailetik martxora bitartean ikus daitezke hegazti gehien.

Espezie horiek oso izutiak direnez, komeni da ahalik eta zarata gutxien egitea eta prismatikoak edo teleskopioa erabiltzea.

Bisita bat egiteko, Prao de la Paulekoa da hezegunerik egokiena, bide bat baitago haren inguruan, eta hegaztiei erraz behatzeko lekuak baitaude.